Woody Allenen “Tócala otra vez Sam” antzezlanaren estreinaldi absolutuko protagonistak Luis Merlo eta María Barranco dira
Argitaratze data: 2010/07/12
Woddy Allen autore, aktore eta zuzendari apartaren komedia bikain honen estreinaldi absolutua Bilbon izango da, eta, ondoren, Madrilen aurkeztuko da. Irailaren 8tik 19ra bitartean egongo da kartelean.
Luis Merlo eta María Barranco izango dira protagonista nagusiak. Beraiekin batera, aktore handiak egongo dira, Beatriz Santana kasu, denak ere Tamzin Townsenden zuzendaritzapean. Hain zuzen ere, Townsendek oihartzun handiko beste lan batzuk ere zuzendu ditu Euskalduna Jauregian, hala nola, "El método Gröholm", "Gorda", "Seis clases de baile en seis semanas" edo "Un dios salvaje".
"Tócala otra vez, Sam" Woddy Allenen lehen arrakasta handia izan zen. Estatu Batuetako kritika espezializatuak oso ondo hartu zuen, eta "zoragarria" zela esan zuten. Aditu askoren ustez, komedia dibertigarrien perfekzio puntua markatzen du, eta ikusleek ederto pasatzen dute antzezlan hau ikusten.
Izenburuak "Casablanca" film mitikoaren elkarrizketetan oharkabean nahastutako balizko esaldi bati egiten dio erreferentzia. Alabaina, esaldi hori, horrela esanda, Marx anaien "Gau bat Casablancan" filmekoa da.
Lan honek Allan aurkezten digu, emazteak utzi berri duen zinemazale bat. Gizon horrek neurriz gaineko haluzinazio errepikari bat jasaten du; haluzinazio horretan, Humphrey Bogartek ligatzeari eta emakumeekin hitz egiteko moduari buruzko aholkuak ematen dizkio. Senar-emazte bikote batek, Frankek eta Lindak, hainbat lagun aurkezten dizkiote. Baina Allanek oso konfiantza gutxi du bere buruarengan, eta bere hitzorduek ez dute arrakasta handirik izaten. Are gehiago: guztiz tamalgarriak izaten dira.
Lindak muturrera darama laguntza hori, eta, barrez lehertzeko elkarrizketen artean, euren arazo propioak azaleratzen dira. Azkenean, bata bestearentzako eginda daudela ikusten dute. Zer iritzi izango dute Humphreyk eta Frankek honen guztiaren gainean?








